Dokumentala

Nire haurtzaroan amatxiren kontu eta bizipen anitz aditu nituen etxean, amatxi berari zein aitari. Amatxiren bizipenak ezin izan nituen jaso, haur nintzela hil baitzen. Baina amatxi Micaela bezala dena utzi eta mendiz etorkizun baten bila joan ziren emakumeen testigantzak jaso nahi izan ditut.

Ehundaka izan ziren, frankismoaren urterik gogorrenetan, Baztan-Bidasoatik lanera joandako emakumeak. Bertze hainbat tokitatik ere joan ziren, baina mugarekiko hurbiltasunak bereziki eragin zuen gure eskualdean. Batzuk sasoia egitera joaten ziren, uda parteko lana, Ipar Euskal Herriko hotel eta jatetxeetara. Bertze anitz, amatxi bezala, etxe onetara interna modura, urte osorako. Batzuek, handik, Parisera egin zuten saltoa. Ameriketara artzain; Landatara, Iratira edota Alpetara mendi-mutil; edota Ternuara edo itsasora marinel joandako euren anaiak bezala, emakume hauek ere bizimodu gogorra izan zuten.

Horien guztien bizipenak eta gerra ondoko emigrazioaren inguruko dokumentala da “Neskatoak”.

 

1940 eta 1975 urteen artean emakume anitzek euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame edo neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretara ere, “interna” moduan. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik jakin gabe.

Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten.

Zuzendaria: Jon Abril Olaetxea (Bera, 1975). Kazetaria ikasketaz, kultur kudeaketan aditua, gaur egun, Elhuyarren nabil lanean, partaidetza teknikari moduan. Hainbat hedabidetan aritu izan naiz, baina hau dut zuzendari moduan lehenbiziko ikus-entzunezkoa. Dokumental hau egiteko Donostia2016ko Energia Olatuak programaren laguntza jaso dut.

 

elkano.jpg
Gibeleko lerroan, zutik, erdian, Micaela Beratsain Sorondo, nire amatxi, bere ilobekin, Nati eta Pakita Iratzoki Beratsain. Eserita, Ziburuko Elkanoko etxeko amatxi.

 


 

Advertisements