Protagonistak

Anttoni Altzugarai Mitxelena
Lesakako Katazpietxeberri baserrian sortua (1945), 16 urtetik 19ra Lesakako etxe batean egon zen neskato, interna, eta 19 urterekin joan zen Urruñara, 1964an. 3 etxe desberdinetan aritu zen lanean, tartean Urtubiko gazteluan, Juanita bere ahizparekin batera. 8 urte inguru egin zituen bertan lanean. Gurasoak zaintzera etortzeko utzi zuen lana. Sortetxean bizi da.

Juanita Altzugarai Mitxelena
Lesakako Katazpietxeberrin baserrian sortua (1941). 16 urtetik 22ra neskato aritu zen Lesakako etxe batean, interna. Ahizpa eta biak garai berean joan ziren neskato, 1964ko apirilean. Azkaingo etxe batean urte eta erdi egin zuen, handik Urtubiko gaztelura joan zen. 7 urte egin zituen denetara, ezkontzeko lana utzi zuen arte. Lesakako Antoiu karrikan bizi da.

 

Joxepa Altzugarai Lazkano
Arantzako Kapallenea etxean jaioa (1930). Hendaiako Terminus hotelera joan zen 25 urterekin, eta 20 urte egin zituen bertan. Hura itxi, eta Hendaiako La Gitanilla hotelera joan zen, eta jubilatu bitarte bertze 20 urte egin zituen.

 

Carmen Altzugarai Lazkano
Arantzako Kapallenea etxean jaioa (1935). Hendaiako Terminus hotelera joan zen bi urtez sasoia egitera, ahizpak lan egiten zuen hotelera.

 

Crucis Apeztegia Gortari
Etxalarko Bordaberrin jaio zen (1938). Zugarramurdiko borda batean bizi ondotik, Urdazubin pasa zuen haurtzaroa eta gaztaroa, ezkondu arte. Geroztik Zugarramurdin bizi da. 17 urterekin uda batean Azkaingo Arginenea etxean aritu zen lanean. 18 urteak bete aitzinetik, Akizera joan zen lanera. Hango bi etxetan aritu zen lanean, ia 4 urtez.

 

Maittere Arribillaga Danboriena
Etxalarren sortua, karrikan (1939). Donibanen sasoia egiten zuen, eta neguan Parisera joateko aukera sortu zitzaion. 3 urte egin zituen Parisen lanean. Neskato-lana utzi eta denda ireki zuen ahizparekin Irunen. Bertan bizi da gaur egun.

Mikela Goienetxe Danboriena
Maittereren lehengusina, Etxalarko Antxurneko borda baserrian jaioa (1934). Bidarten sasoi bat egin zuen, eta bertze hiru Donibaneko Kapagorri hotelean. Ezkontzeko utzi zuen neskato-lana, eta denda ireki zuen Irunen, senarrarekin batera.

 

Pakita Burguete Iratzoki
Beran jaioa(1934), 15 urterekin Berako Txurrutera joan zen neskato, eta handik Donibanera. Mendiz joan zen, anaiak lagunduta. Denbora guti eman zuen Ana Baita etxean. Handik Xanienea etxera joan zen. 10 urte egin zituen bertan. Etxe hartan ezagutu zuen bere senarra, Primo, maitrea eta txoferra zena. Ezkondu ondotik, Angelura joan zen, Etxanienea etxera. 5 bat urte egin zituen bertan.

 

Sagrario Goñi Mitxelena
Arantzan Pittia etxean jaioa (1948). 8 hilabeterekin Berara etorri zen, eta bertan bizi da. 14 urterekin Foixera joan zen neskato. 3 urte egin zituen bertan. Handik Angelura joan zen, eta Urruñan, Zokoan eta Hendaian aritu zen gero, 21 urteak arte.

 

Carmen Indaburu Larrondo
Zugarramurdiko Guantxean sortua (1934), eta bertan bizi izan da beti. 16 urterekin Azkaingo Arginenea etxera joan zen, uda batez lan egitera, eta 17 urterekin Baionara. Hiru urte pasatxo egin ondotik, Biarritzeko bertze etxe batera joan zen, eta han ere bertze hiru urte egin zituen. Ezkontzeko utzi zuen lana.

 

Pakita Iratzoki Beratsain
Beran jaioa (1927), Itzea auzoko Antxunetxeberria etxean. Beran neskato aritu ondotik, 25 urterekin mendiz joan zen Donibanera. Hilabete egin zuen Donibaneko hotel batean, eta ondotik, 40 urte Ziburuko Elkano etxean. Beran bizi da.

 

Felisa Irungarai Inda
Amaiurko Mattineko baserrian sortua (1944).  14 urterekin Larresorora joan zen haurtzain. Hilabete bat egin zuen, eta gero, sasoia egitera joan zen Itsasuko Gernika hotelera. 19 urteak arte sasoiko lana egin zuen bertan. 19 urterekin Biriatuko Lekuona hotelean hasi zen, sasoia egiten, eta urtean zehar asteburuetan. 23 urteak bete arte aritu zen neskato lanetan, hoteletan beti, ezkondu arte.

 

Ramoni Tapia Goñi
Lesakako Beko Errotan sortua (1948). Lesakan haurtzain aritu ondotik, 15 urterekin Irunera joan zen neskato, 18 urteak arte. Lesakako lantegian lanean hasi zen, baina urtebete egin ondotik, Urruñara joan zen lanera. Bi urte eta erdi egin zituen Ortuzarrena etxean.

 

Mari Carmen Tapia Goñi
Lesakako Beko Errotan jaioa (1952), Beran bizi da. 12 urterekin neskato aritzen zen Lesakako etxe batean, eta arratsaldetan eskolara joaten zen. 15 urterekin interna joan zen Irunera, eta 17rekin Donibanera. 4 urte egin zituen Telesforo Monzonen etxean, lehenbiziko biak ahizpa Olivarekin batera.

 

Inma Uranga Telletxea
Zugarramurdiko Katalenea etxean jaioa (1950), Beran bizi da gaur egun. 16 urterekin Dantxarineako etxe batera joan zen neskato. Bi urte eta erdi egin zituen bertan, eta handik Ezpeletako etxe batera joan zen. Hiru urte bertan egin ondotik, Biriatuko jatetxe batera joan zen. Han tratua hain txarra zenez, alde egin zuen, eta Biarritzeko L’Ocean hotelean aritu zen ezkondu arte, bertze hiru urtez.

Advertisements